Espainiako abesbatzen artean, ganbera-koru erreferenteetako bat da.
1997an sortu zen, xx. eta xxi. mendetako koru-errepertoriotik gutxien jendarteratutako harribitxiak interpretatzeko, euskal egileetan arreta berezia jarrita. Sortze beretik, emanaldi asko izan ditu, eta obra kopuru handia estreinatu, horietako asko taldearentzat propio idatziak. Mota horretako talde bakarra da Euskadin.

Urte horietan guztietan, besteak beste, Agustí Charles, Gabriel Erkoreka, Juan José Eslava, Zuriñe F. Gerenabarrena, Félix Ibarrondo, Joan Magrané, Aurélio Edler-Copes, Jesús María Sagarna, Joseba Torre, Enrique Vázquez, María Eugenia Luc, Javier Busto, Eva Ugalde, Javier Bello-Portu, Marcos Castán, Ignacio Ferrando, José Rubén Cid, David Azurza eta Xabier Sarasola egileen obrak interpretatu dituzte, tartean, estreinaldi asko. Halaber, taldeari esker interpretatu dira lehen aldiz Euskadin konpositore ospetsu askoren obrak; besteak beste, hauenak: Karlheinz Stockhausen, Arnold Schönberg, Luis de Pablo, Per Nørgård, Pascal Dusapin, Nicolas Bacri edo Morton Feldman.

Musika garaikideari bizkar eman gabe, azkenaldian Errenazimenduko eta Barrokoko polifoniara hurbildu da proiektu hauen bitartez: Johann Sebastian Bach-en obra (Jesu, meine Freude moteta, Iñaki Alberdirekin), Tomás Luis de Victoriaren obra (Leonardo García Alarcónekin), Primo Libro de’ Madrigali, Monteverdirena, Bilboko Arriagan aurkeztu zena, edo Tenebrae factae sunt programa, Alonso Lobo, Duarte Lobo eta Gregorio Allegri konpositoreen obrekin, 2017ko Donostiako Musika Hamabostaldian.

Taldeak, gainera, bestelako ikuskizun eszenikoetan parte hartzen du; esaterako, Donostia Europako Kultura Hiriburua 2016 egitasmoan aurkeztu zuen Eresoinkaren itzalak, Dantzaz konpainiarekin eta Martin Inthamoussu koreografoarekin, edo, duela gutxi, Waiting, Calixto Bieitoren ekoizpena, Peer Gynten inspiratua, Karl Ove Knausgården libretoarekin.

Musika berria sortu eta ezagutarazteko grina etengabe horren fruitu dira orain gutxiko estreinaldi hauek: Un tren de imágenes deja una estrella fugaz sobre el horizonte, César Camarerorena, Sevillako Antzinako Musikaren Jaialdian, Ke orbelen meza, Xabier Sarasolarena (KEA Ahots Taldearentzat propio sortua eta hari eskainia) eta María Eugenia Luc konpositorearen Apokalypsis multimedia-operaren eszenak. 2015ean, halaber, Agustí Charles-en Requiem de l’Oubli, koru misto, viola d’amore, viola da gamba eta akordeoirako obra, taldeari berari eskainia, estreinatu zuen Madrilgo Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionaleko 400 Auditoriumean. Gerora, Cuencako Musika Erlijiosoaren Astean aurkeztu zuten, hala nola Bilboko BBVA Fundazioaren Musika Garaikideko Kontzertu Zikloan, Zumarragako Antiguako Musika Zikloan eta Bartzelonako Palau de la Músican.

Estatuan nahiz atzerrian (Argentina, Belgika, Frantzia, Italia eta Uruguai), musika garaikideko jaialdietan eta zikloetan parte hartzen du taldeak, berak bakarrik edo instrumentista eta zuzentzaile ezagunak lagun, esaterako, Iñaki Alberdi, Josu Okiñena, Fahmi Alqhai, Leonardo García Alarcón, Naoko Kikuchi, Jordan Sramek, Robert Pajewski eta Elena Martínez de Murguía. Reina Sofía Arte Zentroa Museo Nazionaleko 400 Auditoriumak antolatzen duen musika garaikideko Musika Difusiorako Zentro Nazionalaren 20/21 Serieak zikloaren hainbat denboraldiren programazioan egon da.

Taldearen diskografian, Nicolas Bacri, Daniel-Lesur, Thomas Jennefelt, Marcos Castán, David Azurza eta Sven- David Sandström konpositoreen ahotserako obrak daude, baita Luis de Pabloren Zurezko Olerkia eta Javier Bello-Porturen a cappella obra osoa hartzen duen CD bikoitza ere.

Koru Musikaren Nazioarteko Federazioak (IFCM) Puerto Madryn hirian (Argentina) antolatu zuen IX. Koru Musikaren Munduko Sinposiorako hautatu zuen.